Escritos/Idazkiak

So-egilea Lau proposamen liburu egemonikotik at
Maddi Pecharromanen Gradu Amaierako Lanari oharrak
epahaimaikide izanik arkatzez idatziak defentsa ekitaldirako 2022ko ekainean.

Irudian Maddi Pecharromanen lanaren parte ezberdinak

Gradu amaierako lan baten zatiak sakabanatuta daude nire sukaldean. Liburu hegemonikoa hilda dagoela eta, baina esango nuke erahila izan dela. Deskuartizatua. Mahai gainean txostena, orriz-orri arakatua, kapitulu multxoetan banandua. Iltzeen iradokizuna eta etxean ditudan eserleku ezberdinak etorri dira sukaldera. Bada taburete bat benetan zutik jartzeko aproposa dena, pintoreek sabaiak margotzeko, bere alboan pianoko bankua eta altuerak, Eri liburuak dena betetzen du. Tolestutako aulki tolesgarria, laborategiko taburete birakorra, txirrindula bera eta testuan hori ere aipatzen dela konturatzen naiz, liburua aulkietan eta ni zutik egon behar.

Gustatuko litzaidake hari batek dena bilduko balu baina hori era batean enkoadernaketa litzateke. Nire estudioa kaosa da orain eta horregatik etorri naiz sukaldera, baina, liburu hegemonikoa hil denez, dena paper sakabanatuz bete da.

Mapa bat behar dut nire liburutegia antolatzeko, liburuak kutxa itxiak badira ere, liburutegiak diren metaliburuak irekiak eta aldakorrak dira, noizean behin pendiente duzun ale bat agertzen da ez dagokion tokian, mapa bat behar dut. Akaso Seuleko auzo horren mapa. Ez dakit orientatzeko mapa bat den edo, hain zuzen, galtzekoa; laberintoa.

Orrialdeen espaziotik tabernako orduen denborara. X ardatza, Y ardatza eta manifestuaren paper begetalaren geruzen Z ardatza. Kutxa bat dago, kartoizkoa. Bertatik dena atera omen zen Pandorako horretatik bezala, orain ezin sartu.

Fanzinea espontaneoa izatetik at pausu bat ematen du, dio Maddik, Bibliara urbiltzen diona. Agian grapak dira fanzinea osatzen dutenak –Grapak izeneko dokumental bat ere badago honen inguruan–. Liburuaren ezaugarriak, portada eta lomoa, enkoadernaketa, guardak, etab. Guztiak berdinak, denak laukizuzenak. Batzuk tapa zurrunez besterik ez. Lehen diskak, albumak entzuten genituen, orain abesti solteak gehien bat. Edizioa zer da? ordenak garrantzia du? Geruzetan bilatzen dut, paper dorreen artean dokumentuen bila, arkeologoek bezala sedimentuek markatutako aintzintasuna gida moduan. Testu mota ezberdinak bere formatua behar duela ireki.

Akaso Amazonas edo Afrikatik, ez dakit zihur, aborigen bat mendebaldeko kultura ezagutzera ekarri zuten bidaian. Kutxetan bizi garela somatu zuen, eta kutxa horietan kutxatxoak ditugula: etxea, gela, armairua; liburua kutxa itxia, nahiz ta irekitzearen keinua egiten dugun. Indizea. Taxonomia.

Pliegoa eta erditik eta berriz erdira; paper orri batekin liburuxka bat ateratzen da. Ni ere pozik nago limitazioekin, agian konformista naiz. Agian guztia kuestionatuko banu ez nintzateke hasiko ere egingo. Abotz ezberdinak; dokumentu ezberdinak, pelikula desmontajea; ikusleak bere muntaketa. Zenbateraino posible da interaktibitateak duen askatasun promesa?

Askatasuna batzuek liburu bat hondartzan irakurtzerakoan topatzen dute. Hondar aleak orrialde artean, kresala… haize bolada batek orrialde guztiak eramango balitu… urduri jartzen naiz! ordenak ez du garrantzirik. Rayuela irakurtzen saiatu naiz baina oso zaila iruditu zait.

Arazoa: estandarizazioaren arazoa, industriaren arazoa. Artxiboaren arazoa. Gutxi batzuk egitea posible da, baina asko? Berrogeitamar Greyren Itzalekin, adreiluak bailiran, bigarren eskuko dendek paretak eta eraikuntza txikiak altxatzen zituzten garai batean, moda pasata zenean. Irakurtzeko baino objetuak dira. Adreiluak. CDak balkoietan eltxoak uxatzeko.

Liburu bat makina bezala. Makina bat liburu. Liburu tranpa. Irristatu, bokata jan eta eskuek koipez orrialdeak koipeztatzen dituzte: paper begetala sortzen da. Liburu bat errepide bezala, zenbat kilometro idatzi daitezke arkatz batekin? zein zen galdera? Laberintoan galdu naiz, baina nahi izan dudalako? Jolastu nahi nuen baina laberintoan harrapatuta sentitzen hasi naiz. Iluntzen hasten da eta gaua ez nuke hemen igaro nahi. Berrogeitabi kilometrotako liburu bat, korrika irakurtzeko maratoi bat. Don Quixote letra txiki-txikiekin arroz ale batean idatzia mikrobioek irakurtzeko aukera izan dezaten.

Liburua hilda geratzen da. Bizi bedi literatura!

Unai Requejo
Santurtzin, 2022/06/26